Hirugarren eta azken egunean, Madril utzi eta Euskal Herrirako bidean geundenean Burgos aldean bi geldialdi egin genituen. Lehenengo Roa de Duero herrian egin genuen. Bertan Denominacion de origen Ribera de Duero bulegoen bisita egin genuen.
Arkitektonikoki interes handiko bulegoak ziren. Fatxadatik hasita, bertako inguruarekin bat egiten duen textura bat topatzen dugu, herriko harresiaren harrien itxurakoa. Lehio bereizgarri horiek bulegoen argiztapenarako pentsatuak daude. Barrutik, egokitzapena eta inguruari nola dagoen moldatua ikusten dugu. Gelak irekita bezala daude: espazioa jarraia da, bai hormarik ez dagoelako eremu batzuetan, bai espazio banaketa beiren bidez ematen delako beste eremu batzuetan. Bereizketa hori espazioen pribatutasunaren arabera egin da, edo eremuen interesagatik: adibidez kata-gela beiraz inguraturik dago, bisitariek kata ikustea gustokoa izan dezaketelako. Batzar-gela dorre bereizgarri horren tontorrean aurkitzen da. Zirkunferentzia formako leihoak sabaian daude ere bai, argitasunean pentsatuta: zenbat eta argi natural difuso gehiago, orduan eta astuntasun sentsazio gutxiago. Hala ere, nire ustez ez da kontuan hartu aireztapenaren garrantzia behar bezala: aire-egokitua dago, eta bertan ia beti piztu beharra dago, gela honetako tenperaturak (bulego osoetako tenperatura bezala) zero azpitik izatetik 50ºetara pasa daitekeelako erraz, gainerako espazioetan baino zuzenago jotzen baitu Eguzkiak hemen.
Herri honetan bazkaldu ostean, autobusa hartu eta Portia bodegak bisitatzera joan ginen, Gumien de Izan herrian. Norman Foster arkitektoak proiektatutako bodega honek hiru lore-hostoko lorea edo hiru ertzeko izarra kontzeptua duela azaldu ziguten.
Arkitektoa bizpahiru urtez egon zen bodega baten funtzionamendua aztertuz, bodega honi ondo funtzionatzeko beha zuen flexibilitatea emateko.
Ebaketan ikusia, orubearen maldari moldatzen dela ikusten da: barrutik, eraikinan ez dago maldarik, malda orubeak ematen dio, lur-azpian sartzen baita. Malda hori momentuoro irudikatua dago, argi natural gorriaren bidea: gorriz tindatutako xafla erreflektate batzuen bidez argi naturala sartzen da orubearen maila baxuenetik, horrela eraikina barrutik zeharkatzean ze sakoneran gauden ikus dezakegu.
Bodegaren aireztapena nahiko berezia da ere bai. Orubearen gainean dagoen eremuan, hau da, lur-azpian sartzen ez den ertzean, guztiz irekitzen diren ate handiak daude. Bertan ardoaren fermentazioa egiten da, eta CO2 asko emititzen denez aireztapen oso ona behar da. Bodegen prestatutasuna agerian geratzen da: erabilgarritasunari funtzio estetikoa ematen zaio aldi berean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario