Logela lo egiteko gela da. Hala
ere hori ez da nire logela niretzat hartu izan duen funtzio bakarra:
babeslekua, biltokia, topagunea, zinema, ospitalea… izan daiteke ere bai. Logelan
inorekin egon nahi ez dudanean sar naiteke, pertsianak jaitsi, atea itxi, munduaz
isolatu, edo justu aurkakoa, jendea gonbidatu adibidez film bat ikustera.
Begiak ixten baditut eta nire
logela imajinatzen badut, ohetik begiratutako logelaren irudia ikusten dut.
Ohean egotean bakea sentitzen da, ez bakarrik lo egitean. Nor ez da inoiz ohean
bota zerbaiti buruz hausnar egitera? Edo liburu bat irakurtzera? Modu horretan
gogoratzen dut ohea, eguneko momentu pertsonalenak bizi diren lekua. Ohetik
begiraturiko logelaren irudi horretan leihoak ikusten ditut, mahaia eta argiak,
baita armairuaren zati bat ere; hori da logelaren eremurik erabiliena.
Gauza preziatuenak gordetzen
ditugu gure logelan: leku ezberdinetako oroitzapenak, lagunen oparitxoak,
txikitako pelutxeren bat, pertsona berezien argazkiak… Hala ere gauza horiek ez
dira zertan materialak izan behar, batzuetan oroitzapenak gordetzen baitira
bertan: dei garrantzitsu bat egindakoan ikusten zenuen logelako perspektiba,
zerbait bilatzean guztia mugitzearen irudia… Gauza asko daude nire logelan, bai
ia pareta oso bat hartzen duen armairuan gordeta, bai ohe azpiko armairuan edo
ohe gaineko apaletan ere.
Logela
mugatzen duten paretek osaturiko espazio hori da nire logela, baina baita
bertan dauden altzariak eta haien kokapena ere; zerbait aldatzen bada beste
logela bat izango litzateke, nire, baina ez hau. Nire logela nire
pertsonalitatearen, bizipenen eta zirkunstantzien materializazioa dela uste
dut.
Ohetik begiratutako logela
No hay comentarios:
Publicar un comentario